XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Benetako dirua, esan didatenez.

Ez bilete bat gainean eta eskutada bat lasto azpian.

Hori diru mordo polita da, baina Regan halakoxea omen da, dirua aldean eraman eta norbait berari begira dagoenean dirua atera eta diruari begiratzen dioten horietakoa.

Baliteke ere piper bat inporta izatea.

Emazteak dioenez behin ere ez zion xentimorik ere atera Sternwood zaharrari, oheaz eta janaz aparte eta emazteak berak eman zion Packard 120 batez aparte.

Likore-kontrabandista izandako bat esnemamitan bizi eta hola jokatzea ere!

- Harritzekoa da esan nion.

- Tira, ba! Orduan zera dugu, tipo bat desagertzen da galtzetan hamabi handi daramatzala eta hori mundu guztiak dakien gauza bat da.

- Ño! Dirutza handia da gero!

- Neroni ere segituan desagertuko nintzateke hamabi handi edukiko banitu, batez ere bi mutiko eskola handian edukita.

- Halaxe ba, aurren-aurrena pentsatzen duzun gauza zera da, sosengatik norbaitek bizkarra berotu diola eta baita gehiegitxo berotu ere, hainbeste ze nahitaez basamortura eraman behar izan baitute eta han kaktusen artean aldatu.

- Baina horrek ez nau asko betetzen.

- Reganek xixpa bat eraman ohi zuen eta hura ibiltzen eskarmentu handia omen zeukan, eta ez bakarrik likore munduko jendaila aurpegi-koipatsuarekin izaten zituen sesioetan.

- Badakit, jakin, brigada oso baten buru izana zela Irlandako istiluetan, 1922an, edo izan ziren urtean.

- Halako tipo bati lapurreta egitea ez da gauza xamurra izango.